Zer da #poziktibity?

#poziktibity jarrera bat da, euskararen sustapena denon artean aurrera eramatea nahi duena. Hiru ardatz ditu:

#poziktibity = pozik + positivity + activity

Zehazki, euskara modu baikor eta aktiboan sustatzea nahi du, inposaketarik gabe. Euskara mugitzen duena nahia, grina, gogoa baita. Euskaraz hitz egin nahi izateak, bizi nahi izateak, egunerokotasuna osatzen laguntzen digu.

Ekimena 2014an sortu zen, gure inguruko hainbat pertsona ospetsuren laguntzarekin. Haiek euskararekiko zituzten bizipenak kontatu zizkiguten inspirazio moduan. Jasotako testigantzarekin, aurten gu denok gara #poziktibity-ren protagonista nagusiak.

Horregatik, egunerokotasunean, freskotasunean eta erakargarritasunean oinarritzen gara ohikotasunetik euskararen magia begi-bistan uzteko. Euskara helmuga baino, bidea delako. Jarrera hau elkarbanatzen duten pertsona guztiekin bat egiteko, #poziktibity traola erabiltzen dugu sarean. Ba al zatoz gurekin? Izan #poziktibity!